Partenaires

IKER UMR 5478
CNRS
Université Michel de Montaigne-Bordeaux 3 Université de Pau et des Pays de l'Adour


Bilatu

Sur ce site


Ataria > Abiatu proiektuak > ISQI

Informazio egitura, kuantifikatzaileak eta beren arteko interakzioa: euskaratik ikerketa konparatibo batera

Hizkuntza naturaletako kuantifikazioa tradizionalki semantikarientzat, logikarientzat eta hizkuntzaren filosofoentzat interes handikoa izan da, bereziki kuantifikatzaileek dituzten propietate matematikoak eta logikoak direla eta.

Proiektuaren bilduma

Kuantifikazioaren logikazko hurbilpena logika bera bezain zaharra da. Ikerketa horiek hogeita hiru mende badituzte Aristotelesen silogismoaren garaian hasi ziren, eta kuantifikatzaileen erranahiari eta propietate inferentzialei buruzkoak izan dira batez ere. Gai horri buruzko ikerketa linguistikoak anitzez berantago hasi baziren, kuantifikazioari buruzko kontuek hizkuntza naturalei doazkien ikerketa teorikoetan funtzio erabakigarri bat ukan eta ukaiten segitzen dute. Hain zuzen, konposizioari buruzko lanek eta kuantifikatzaileei dagozkienek hizkuntza naturalen sintaxiaren eta semantikaren teoria orokorrean garrantzia handia izan zuten (ikus Montague 1973, Heim 1982, besteak beste). Kuantifikazioa bi hurbilpen desberdinen baina hertsiki lotuen ildotik azter daiteke: (i) barne hurbilpen bat, kuantifikatzaileei berei, beren egitura morfosintaxikoari eta oinarrizko propietateei dagokiena; (ii) kanpoko hurbilpen bat, testuinguruko kuantifikatzaileei dagokiena, erran nahi baita kuantifikatzaileei eta erabiliak diren gaineratiko esaldien arteko harreman sintaktikoetatik eta semantikoetatik abiatzen dena.

Informazio egitura, kuantifikatzaileak eta beren arteko interakzioak: euskaratik ikerketa erkatu batera deitu proiektu honek, kuantifikazioaren kanpoko hurbilpenari lehentasuna emanen dio. Kuantifikatzaileen esaldiaren barneko informazio egitura duten tokia behatzea du bereziki aztergai, adibidez, foku-posizioan agertzen direnean. Horregatik, kanpoko ikuspegitik duten portaeraren ulertzeko, aitzinetik, barne hurbilpenaren arabera, zein berezko ezaugarri eta oinarrizko portaera dituzten ikertzea beharrezkoa izanen da.

Azken bi hamarraldietan, barne ikuspegiaren araberako izen kuantifikatzaileen egiturari buruz egin dira (ikus Bach et al. 1995, Matthewson 2008, Keenan & Paperno agertzekoa), haatik arras lan guti egin da kanpoko hurbilpenaren araberako izen kuantifikatzaileetaz (ikus Szabolcsi 1997, Keenan & Paperno to appear; ikus Huang 1982, Lee 1986, Aoun & Li 1989, 1993 txinerarentzat; Szabolcsi 1997, Szabolcsi & Brody 2003 hungarierarentzat, Pafel 2005 alemanarentzat; Etxeberria 2002 euskararentzat). Ikerketa horrek, molde erkatuan, ingelesaren, euskararen, gazteleraren, frantsesaren eta grezieraren izen kuantifikatzaileen portaera behatuz, ikerketa horiei aldi berean ekarpen interesgarria eta adierazgarria eginen die. Bestalde, ikerketa konparatibo horren bidez, ikerlariek jadanik egindako kuantifikatzaileen besarkadurari dagokion zein ikerketak bi kuantifikatzaile edo gehiagoko esaldiei buruzko datuak azal ditzaketen jakiten ahalko dute, testuinguru irekikoen edo informazio egitura markatukoen arabera. Datuak testen bidez lortuko ditugu, eta zailtasunak agertzen badira, azterketa zorrotzago bat eginen da behatutako aldeen azaltzeko.

Sintaxiaren, semantikaren eta morfologiaren espezialistei ikerketa horren emaitzak baliagarri izan beharko lizkiekete, baita euskararen espezialistak diren hizkuntzalari tradizionalagoei ere, dakigunez, hizkuntza bakartua baita. Proiektu horrek ikerketa tipologikoen arloaren hutsune bat beteko du bost hizkuntzako izen kuantifikazio sistemaren oinarrizko propietateak koherenteki aurkeztuz: ingelesa, euskara, gaztelera, frantsesa eta greziera.

ISQIko parte hartzaileak

Arduraduna
  • U. Etxeberria (IKER, CNRSeko Ikerlaria)
Ikerlari lankideak
  • R. Etxepare (IKER, CNRSeko Ikerlaria)
  • A. Giannakidou (Univ. of Chicago, Unib. Irakaslea)
  • A. Irurtzun (IKER, CNRSeko Ikerlaria)
  • B. Laca (Univ. Paris 8, Unib. Irakaslea)
  • B. Oyharçabal (IKER, CNRSeko Doktore)
  • M. Uribe Etxeberria (EHU, Unib. Irakasle)
  • G. Rebuschi (Sorbone-Nouvelle Unib., Irakasle Emeritua)

Kontaktua

u.etxeberria@iker.cnrs.fr