Partenaires

IKER UMR 5478
CNRS
Université Michel de Montaigne-Bordeaux 3 Université de Pau et des Pays de l'Adour


Bilatu

Sur ce site


Ataria > Datubaseak > NORANTZ

Hizkuntza-ukipena eta bariazio tipologikoa

NORANTZ proiektuaren helburua gaur egungo Iparraldeko euskaldunen hizkerak zer bidetarik doazen ikusteko behagune baten zimenduak finkatzea da, eta euskarari dagokionaz hizkuntza-ukipen egoeran hizkuntzaren aldaketa fenomenoen behaketa eta azterketa tresnak garatzea. Hain zuzen ere, aspaldiko ingurune diglosiko batean, euskara XX. mendean zehar historikoki euskaldunak diren lurralde gehienetan, hizkuntza gutitu bat bilakatua da.

 Bilduma

Hizkuntza-antolaketa politikaren arduradunen aldera, asmoa ekintza horren eragileen indarrak bideratzeko hizkuntzaren aditu-azpiegitura bat sortzea da.

Behagune hori hizkuntzalari eta informatikari batzuek sortu datu-base bat bezalakoa da. Horrek hizkera desberdinei buruzko informazioen biltzeko bidea ematen du, alde batetik, hizkuntzari buruzko azterketa teorikoen gauzatzeko (hizkuntza-ukipenaren arloan partikularki), eta bestetik, euskararen aldeko ekintzaren arduradunak horren bilakaerei buruz argitzeko (bereziki irakaskuntzaren alorrean). Azpiegitura mota hori ikuspegi dinamiko batean baliagarri da, eta ondorioz, lan horrek tresna molde egokian iraunkor bilakatzeko proposamenak adierazteko ahala eman behar luke, preseski plantan ezartze denboran bilduak eta sortuak izandako informazio eta balioztatzea kontuan harturik.

 Hastapeneko hipotesia

Azken hiruzpalau hamarkadetan, euskarak Iparraldean ingurune soziolinguistiko guziz berria bizi izana du, guziz larria ere, transmisioaren eta gizarteko erabilpenaren aldetik. Duda guti da, bestalde, ondoko hamarkadetan ere gauzak bide beretik joanen direla, eta beraz, mugaz alde horretan euskararen jarraikitasuna testuinguru horretan kokatu behar dela. Ez da argi, ordea, zer ondorio ekar dezakeen ingurumen horrek euskal hiztunen gramatikan. Ondorio batzuk, gutiago edo gehiago finkatuak ager daitezkeela suma daiteke, baina ikerketa berezirik egin gabe, zail da deus zehatzik horretaz aitzinatzea. Hain zuzen, sumatzen diren, baina guziz ilunean gelditzen diren fenomeno horiek bildu nahi lituzke NORANTZek.

 Metodologia

Gaur egungo hiztunen gramatiketan ager daitezkeen fenomeno berrien berri izateko, soziolinguistikoki ezaugarri desberdinak dituzten hiztun motak kontuan hartu behar dira. Euskal Herriaren testuinguruan, desberdintasun horretako eragilerik handienak hiru hauek dira : adina, bizitokiaren ingurumena (euskararen gizarte presentzia, Baiona-Angelu-Miarritze hirigunetik kanpo, hiri ttipiagoetan eta baserrialdean handiagoa izanez), eta euskarak eskolatzean izan duen tokia (murgiltze sistema edo ez, Iparraldean). Xede horretan, datu-basearen hornitzeko, 59 hiztun aukeratu dira, irizpide hauen arabera 8 azpimultzotan banatuak, irizpide desberdinen gurutzatzearen araberakoak. Garrantzizkoa da gogoan izatea ez direla hiztun “onak” eta euskararen profesionalak bereziki xerkatu, euskararen irakasleak adibidez, ez dira galdekatuetan sartu. Irizpide soziologikoei jarraikiz, hiztun arruntak, hots, euskaraz komunikatzeko oinarrizko gaitasuna zutenak, euskara ikastearen esperientzia anitzak barnean sartuz (hala nola, euskaldun berriak, luzaz Euskal Herritik kanpo bizi eta euskara berriz ikasi zutenak, euskara eskolan baizik ez ikasiak, eta abar…). Hiztunen taulan horrek azpi-multzo guziak zehazten ditu :

||Taula informers hiztun|||| |adina|Hirialdea (BAM)||hirixkak eta baserrialdea|| ||+murgiltzea|-murgiltzea|+murgiltzea|-murgiltzea| |70|-|8|-|7| |40-60|-|5|-|7| |-35|8|2|11|11|

Hiztun horien gramatika-ezagutzen biltzeko, eta haien artean aldaeren agerian emateko, elizitazio molde berak erabili behar dira. Horregatik, galdera berak egin zaizkie hiztunei, ahoz, galdera guztiei bederazka erantzutea eskatuz, eta haien erantzuna grabatuz.

Galdetegiak gramatikako atal handienak estaltzen dituzten perpausak biltzen ditu, galdera bakoitzak datu zehatz bat bilatzen duelarik (galderaren adierazpenean zehaztua). Galdetegiak 568 galdera ditu morfosintaxiari dagozkionak, eta 178 fonologiari dagozkionak. Lehenbiziko sailean gramatika arrunteko gai nagusietako oinarrizko datuak biltzen dira, eta bigarrenean, berriz, euskarak ez dituen frantses fonemen trataerari buruzkoak (maileguetan), baita, euskarak badituen, baina frantsesak ez dituen zenbait fonema edo oposaketari buruzkoak (dardarkari edo xistukarietan) ere.

|A. IZENAREN MORFOLOGIA|| | A.1. Hondarkiak|74 galdera| | A.2. Erakusleak|7 galdera| |B. ADITZAREN MORFOLOGIA|| | B.1. Solaskiderik gabekoak|56 galdera| | B.2. Solaskideen artekoak|32 galdera| | B.3. Ahalera|29 galdera| | B.4. Irrealistakoak|18 galdera| | B.5. Trinkoak|5 galdera| | B.6. Aspektu marka|8 galdera| | B.7. Alokutiboa|11 galdera| |C. JOSKERA|| | C.1. Izenordainen gauzatzea|54 galdera| | C.2. Determinatzailearen gauzatzea|17 galdera| | C.3. Mailakatzaileak|7 galdera| | C.4. Kuantifikatzaileen numero aditz-komunztadura|20 galdera| | C.5. Banaketariak|4 galdera| | C.6. Galdegaia|16 galdera| | C.7. Galdera perpausak|11 galdera| | C.8. Harridura perpausak|4 galdera| | C.9. Aditzaren numero komunztadura|8 galdera| | C.10. Mendeko perpausak|173 galdera| | C.11. Inpertsonalak|9 galdera| |D. MORFOFONOLOGIA|5 galdera| |F. AHOSKERA|| | F.1. Frantsesetikako maileguak > euskarak ez dituen fonemak|79 galdera| | F.2. Frantsesaren eraginez gal daitezkeen oposaketak|99 galdera|

Datuen erdiesteko, itzulpena baliatu da, hots perpausak euskarara itzul zitzaten eskatu zaie hiztunei. Elizitabide horrek, tradizio luze-luzea du hizkuntzalaritzako lanetan, eta hainbeste daturen (ehunka) hainbeste hiztunengan (hamarnaka) hain epe laburrean (inkesten burutzeko hamabost bat hilabete bakarrik) lortzeko bide bakarra da. Baina dakigun bezala, ez ditu alde onak bakarrik, eta hiztunek, nahiz ikerlariek, malgutasun handia eta sekulako pazientzia behar dute. Datuak zer gisatan bilduak izan diren gogoan izan behar du ikertzaileak datuak aztertzerakoan, itzulpena desegokia izan daitekeen gai batzuetan bereziki (erlatiboak adibidez). Izan ere, euskaraz erlatiboen eraikitzeko moldea dela eta, itzulpenaren metodoa mailarik gorenetan erabiltzea neke da, erlatibizatzearen oinarrizko mailetatik kanpo, testuinguruaren funtzioa biziki garrantzitsua baita. Aditzaren morfologiari ere elizitazio metodoa desegokia zaiolako aurreiritzia izan badaiteke ere, NORANTZen lortu emaitzek hiztunek aditz jokatuetan jatorriz sintaxiko (pertsonaren komunztadura partikularki) elementuak barneratzen dituztela eta beren euskal gramatikako morfosintaxian sarrarazten ahalegintzen direla erakusten dute (zailtasun ala lorpen guti edo gehiagorekin, baina kasik beti erantzunez, datu-basean entzun daitekeen bezala).

Horiek hola, oro har uste dugu datu fidagarriak eskaintzen dituela NORANTZek, eta iduritzen zaigu Iparraldeko euskaldunen gramatika gaitasunaren argazki franko leiala aurkitzen dela datu-basean, hiztunen artean mende hastapen honetan izan daitezkeen aldaera joera nagusiak ere nolabait bilduak direlarik. Espero dugu zenbait urteren buruan baldintza berdintsuetan egin inkesta batek horien bilakaera ikustea ahalbidetuko duela, hiztun gazteenengan aurkitu eta argiki ikus daitezkeen joerak jadanik markatuak izanik (subjuntiboaren erabileraren ahultzea, euskara batuaren morfologia eta soziologikoki nagusi den euskararen eraginak eta abar)

 Xehetasun gehiagorentzat

Datu-baserako sarbidea : http://www.norantz.org

Gako-hitz

NORANTZ, hizkuntzalaritza, ikerketa proiektua