Partenaires

IKER UMR 5478
CNRS
Université Michel de Montaigne-Bordeaux 3 Université de Pau et des Pays de l'Adour


Bilatu

Sur ce site


Ataria > Abiatu proiektuak > SACAZE

SACAZE bildumako (1887) euskal dokumentuen tratamendua eta euskararen banaketa dialektala

Egitasmo hori, lan programa baten lehen urratsa da, heldu diren urteetan luzatzen ahalko dena bilduko eta antolatuko diren datuen kartografia-tratamendu informatizatuaren bidez.

Proiektuaren tituluan agertzen den Sacaze izena, Julien Sacaze izenetik dator, hau baitzen Saint-Gaudenseko abokatu eta jakitun bat (1847-1889), 1887ko Tolosa Okzitaniako erakusketa nazionalean Pirinioetako tokian tokiko hizkeren lagin adierazgarri baten aurkezteko ideia ona ukan zuena.

XIX. mendeko bilketa handien ildotik, Coquebert de Montbret edo Louis-Lucien Bonaparten ondotik, Sacazek Pirinio Atlantikoetako (orduan Behe-Pirinioak deitua) Pirinio Garaiak, Gers, Garona Garaia, Ariège, Ekialdeko Pirinioak eskualdeetako errient guziei mitologiako bi kondaira laburren frantsesezko testua igorri zien, bakoitzak, herri bakoitzeko mintzairako itzulpena eman ziezaion galdetuz. Bilketa sekulakoa izan zen: 14.000 orriko 35 liburuki, Tolosako Liburutegian gorde zirenak. Horrez gain, errientek toponimiari buruzko datuak eman zituzten herri bakoitzeko, gehienetan nehoiz ikus gabeko mapa batekin.

Gaitzeko corpus hori ez zen sekula erabilia izan, J.Allières edo J.Ensergueixen lan batzuetan kanpo. Segur, espezialistak ez ziren lankide anitzek egina baita, ez da perfektua (gaur egun ahozko bilketa hobets genezake) baina sarearen mailak hain dira trinkoak (ehunka inkesta eginik) non hizkuntza-fenomeno endemiko guti corpusetik kanpo gelditu baitziren.

Esperientziaz diogu hori, Bourciez corpusetik abiatuz hiru obra eginak baikenituen jadanik (X. Videgainek eta G. Aurrekoetxeak), Bordeleko Akademiako 1895eko hizkera guzietako beste testu baten itzulpenean oinarritua zena, erran nahi baita garai berberan.

Proiektu hori 150 herri euskalduni eta herri horietako corpusaren datu-eskuratzeari dagokie. Alabaina, XIX. mendeko euskararen banaketa dialektalaren aztertzeko biziki oinarri sendoa da. Banaketa horrek, hizkuntzalaritzako usaiako bereizketaren arabera, testu hetsi horietako fenomenoen hiztegia, morfofonologia, eta fonetika aztertuko ditu. Horiek 300 karta nonbait han egiteko materia emanen dutela pentsatzen dugu, bakoitzak bere erantzuntegiarekin. Bederakako karta horiez gainera, ondoko urratsean dialektometriaren baliabideak erabiliko ditugu. Errientek erabili zuten ortografia hizkuntza estandarraren tresnarik ez duen hizkuntza batean sor daitezkeen arazoen erakusle bezala aztertuko da. Azkenik, toponimiari dagozkion datuen aurkibide bat sortuko da, Pirinioetako auzo herrietako datuei konparatu aitzin.

Egitasmo hori Pirinioetako hizkuntza ondareen balioztatzearen katebegi bat bezala kokatzen da, dokumentu horiek publiko jakitunaren eta espezialistaren esku ezarri nahiz; eduki horren handitasunak argitaratzea gibelatu du, baina horren aberastasuna gorderik atxikia izan dadin domaia da. Sacaze bilduma, heldu diren urteetako ikerketa-eremu zabala izanen da, zentzu zabaleko Pirinioetako Iparralde osotik Hendaiatik Colliureraino, Lectouretik eta Carcassonetik pasatuz. Hemen aurkeztu proiektuak programa horren abiatzea aipatzen du euskararen eremu hertsiagoan baina bereizgarrian.

Proiektuaren xedea corpusaren datuen antolatzea, datu-sarrera eta paperean eta linean eskuragarri egitea da, horien interpretazio geolinguistikoa proposatuz dialektoen mapa batean (hizkuntza fenomeno bat = dialekto-mapa bat)

Proiektuaren arduradunak

  • X. Videgain (IKER UMR5478, PAHUko Irakaslea),
  • G. Aurrekoetxea (EHU).